Términos y Condiciones

ERABILERA BALDINTZAK

Informazio orokorra

Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionala-Monetaren Errege Etxea (aurrerantzean FNMT-RCM) erakunde publikoa da, enpresa-erakunde publikoa; nortasun juridiko publiko bereizia dauka, ondare eta diruzaintza propioak eta kudeaketa-autonomia ditu, eta Ogasun eta Funtzio Publikoaren Ministerioari atxikita dago, sail horretako idazkariordetzaren bidez.

Hauek dira FNMT-RCMren datuak:

  • Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionala-Monetaren Errege Etxea
  • IFZ/IFK: Q2826004J
  • Helbidea: Jorge Juan 106, P.K. 28009, Madril
  • Posta elektronikoa: bezeroarentzako arreta info@fnmt.es
  • Webgunea: http://www.fnmt.es

Erabilera baldintzak

Nortasun-kredentzial egiaztagarria lortzeko egiaztapen- eta identifikazio-prozesua osatzeko onartu aukera sakatzean, onartu egiten dituzu pribatutasunerako eta datuen babeserako politika eta horiekin lotutako erabilera-baldintza hauek. Baldintza hauek onartzen ez badituzu, ezingo duzu eskatutako zerbitzua edo produktua eskuratu.

FNMT-RCMren egiaztagiriak, kredentzialak edo bestelako produktuak erosi edo kontratatu zituen helburuetatik kanpo modu arduratsuan erabiltzeaz arduradun bakarra erabiltzailea da; beraz, eta FNMT-RCM, bere kolaboratzaileak eta hark zerbitzuak emateko edo erakundearen produktuak ekoizteko kontratatutako operadoreak edo enpresak salbuetsita daude behar ez bezala erabiltzen badira.

FNMT-RCMren kredentzialak, egiaztagiriak edo bestelako produktuak titularra ez den beste pertsona batek erabiltzen baditu, eta atxikitze pertsonalekoak eta besterenezinak badira, kredentzialak, egiaztagiriak edo bestelako produktuak galduko dira, titularraren baimenik gabe erabili direla frogatzen bada izan ezik.

FNMT-RCMk ez du bere gain hartuko eskainitako kredentzialak, egiaztagiriak eta bestelako produktuak legez kontra erabiltzeko erantzukizunik. Zu zara horiek behar bezala erabili eta zaintzeko arduraduna. Gure produktuak legez kontra eskuratzen badira edo baimenik gabe erabiltzen badira, berehala jarri beharko duzu gurekin harremanetan.

Erabiltzaile zaren aldetik, kredentzialak erabiltzean konpromisoa hartuko duzu erabilera-baldintza hauetan eta indarrean dagoen araudi aplikagarrian ezarritako baldintzak jarraitzeko eta etikaren, errespetuaren eta erabilera sozialen printzipioak jarraitzeko.

Halaber, konpromisoa hartuko duzu kredentzialak helburu hauekin ez erabiltzeko: hirugarren pertsonei, ekipo informatikoei edo FNMT-RCMren berezko programei edo hark kontratatutako operadoreei edo haren kolaboratzaileei kalteak eta galerak eragitea.

Debekatuta dago markak, logotipoak, softwarea, diseinuak eta beste edozein material erabiltzea, baldin eta FNMT-RCMren, bere kolaboratzaileen edo hark kontratatutako operadoreen jabetzapekoak badira, salbu eta haien ageriko baimena jaso bada; halaber, debekatuta dago jabetza industrialari eta intelektualari buruzko araudian ezarritakoaren kontrako portaera edo jarduera oro.

Zerbitzua eskuratzea

FNMT-RCMren nortasun-kredentzial egiaztagarriak lortzeko, Espainiako legearen arabera adin nagusikoa izan behar duzu (18 urte), eta nortasuna egiaztatzeko prozesua osatu behar izan duzu aldez aurretik. Prozesu hori osatzeko, aldez aurretik pribatutasunerako eta datuen babeserako politika eta erabilera-baldintza hauek onartu behar dituzu, bai eta webguneko cookie-politika ere.

FNMT-RCMk, zuzenean edo kontratatutako operadoreen bidez, eskatzailearen nortasuna egiaztatuko du.

Identitatea egiaztatzeko, prozedura biometrikoen bidezko aurpegiaren ezagutza gauzatuko da, eta nortasun agiria aurkeztuko beharko da ere. Egiaztapen hori egitean datu pertsonalak babesteko indarreko araudia errespetatuko da beti, eta pribatutasunerako eta datuak babesteko politika onartu beharko da erabili aurretik.

Nortasuna egiaztatzeko bildutako datu pertsonalak FNMT-RCMk gordeko ditu, berariazko araudi aplikagarrian ezarritako epeetan.

Nortasun-kredentzial egiaztagarriak

Erabiltzailearen nortasuna egiaztatu ondoren, unibertsitateko izapide ez-administratiboak egiteko nortasun-kredentzial egiaztagarria eskuratuko duzu, eta zure zorro digitalean gordeko delarik, zu izango zara horren eta daukan edukiaren erantzule bakarra.

Zerbitzuak ematea eta eguneratzeak

FNMT-RCMk konpromisoa hartuko du kredentzialak, egiaztagiriak eta beste produktu batzuk erabiltzeko behar diren zerbitzuak emateko, sistemaren akatsak, zerbitzuaren erorketak edo prestasunik eza alde batera utzi gabe, eta beharrezkoak diren jarduerak osatuko ditu horiek ahalik eta lasterren berrezartzeko.

Softwarearen eguneratzeak, kredentzialak berritzea edo zerbitzua edo produktua eguneratuta mantentzeko beste edozein jarduera egiten bada, zu zara horretarako behar diren jarduketak egiteko arduraduna. Zerbitzuak emateko edo gure produktuak erabiltzeko zure ekipoak edo softwarea eguneratuta ez badaude, FNMT-RCMk ez du bere gain erantzukizunik hartuko gerta daitezkeen akats edo zerbitzu ez-eraginkorrengatik.

FNMT-RCMk konpromisoa hartuko du zentzuzko segurtasun-neurri egokienak ezartzeko, arrailak, legez kanpoko sarbidea edo zibererasoak saihesteko. Hala ere, ezin du bermatu segurtasuna erabatekoa denik.

FNMT-RCMk ez du bere gain hartuko erabiltzailearen ekipoetan dauden birusek edo bestelako software maltzurrek eragindako akatsen edo infekzioen erantzukizunik.

Erantzukizunetik salbuestea

FNMT-RCMk ez du bere gain hartuko, indarrean dagoen araudiak ezarritako salbuespenekin, zerbitzua ematean edo kredentzialak, akreditazioak edo FNMT-RCMk eskainitako bestelako produktuak ematean gerta daitezkeen kalteen erantzukizunik.

Arrazoizko mugen barruan, FNMT-RCMk eskura dituen neurri guztiak jarriko ditu eskaintzen dituen zerbitzuak ematean eraso informatikoak, birusak edo bestelako software maltzurrak saihesteko. Hala eta guztiz ere, FNMT-RCMk ezin du erabat bermatu egoera horiek gertatuko ez direnik.

Gatazkak konpontzea, jurisdikzioa eta eskumena

Zuzenean edo FNMT-RCMk kontratatutako operadoreen edo kolaboratzaileen bidez zerbitzuak emateagatik edo bere produktuak erabiltzeagatik sor daitezkeen gatazkak, Madrilgo hiriko epaitegi eta auzitegietan konponduko dira; horrek esan nahi du alderdiek berariaz uko egingo diotela legokiekeen foruari, kontsumitzaile eta erabiltzaileei buruzko legedian ezarritakoaren kalterik gabe.